JARDUNALDIA

Etxeak zahartzen ari den gizarte batean

Bizitza osorako bizitoki eta etxebizitza eredu berriak

Dagoeneko “Longebitatearen iraultza”tzat ezagutzen den honek erronka berriak ekarri dizkie gizarte garatuei, eta hiriek horiei aurre egin beharko diete berehala. Etxebizitzarekin lotutako alderdiak funtsezkoak dira pertsonei bizitza erraztuko dieten espazioak sortzeko, eta, hori dela eta, ondo zehaztu behar da zer egoera eta zer behar izango duen hemendik 20-30 urtera euskal gizarteak, daraman zahartze bidea kontuan izan eta alde horretatik izango ditugun erronkei egokiago aurre egiteko.

Jakin badakigu zahartzen ari diren pertsonek beren kasa bizi nahi izaten dutela, eta beren etxean eta ohiko inguruan bizitzen jarraitu nahi izaten dutela, ahalik eta denbora luzeenaz, baita laguntza behar dutenean ere. Nahi horri erantzuteko eta, horrela, norbera bere komunitatean eta ingurune sozialean eroso eta seguru zahartzen joan ahal izateko, funtsezkoa da etxebizitzak egokitzea eta zaintzako eta laguntzako komunitate eta gizarte zerbitzuak eskuratzeko aukera ematea. Batzuetan, ordea, etxebizitzek izaten dituzten oztopoen eta zailtasunen ondorioz, ahulezia edo mendetasun egoera batzuk sortzearen ondorioz, edo zaintza jakin batzuen beharra sortzearen ondorioz, beren etxea utzi beharrean izaten dira pertsona hauek.

  • Bizi itxaropena luzatzen ari da, eta pertsona nagusien kopurua gero eta handiagoa da. Zahartzearen zahartzea hirukoiztu egin da EAEn azken hamarkada honetan; 80 urtetik gorako pertsonak, beren belaunaldiko pertsonen batez besteko bizi itxaropena gainditu dutenak, hamar pertsona nagusitik hiru dira jada.
  • Gaur egun, adina ez da homogeneizazio elementu bat, eta, adin bera izan arren, denok ez ditugu interes berak eta ez gaude egoera berean ere. Hala, planifikatzeko orduan ere kontuan izan eta sustatu egin behar dugu dibertsitate hori; baina, ingurune komunitarioetan eta inguruan den izateari egokitutako zerbitzuak eta arretak planifikatuta, betiere.
  • Gure inguruan hasi dira sortzen co-housing edo etxebizitza kolaboratiboen gizarte esparrutik sustatutako ekimenak, bizikidetza bultzatzeko eta bakardadea saihesteko xedea dutenak. Zer politika gauzatu beharko lirateke ekimen horiek beren xedea lor dezaten?
  • Europa erdialdean eta iparraldean duela zenbait hamarkada hasi ziren bizitza osorako etxebizitzen politikak gauzatzen, etxebizitza askeak zein gerontologia zentroetan bizikidetza unitate gisa antolatutakoak sortuz. “Etxebizitza” ereduak aukera “etxetiarra” ematen du, eta horrek pertsonen intimitatea bermatzen du, haien mendetasun egoera edonolakoa izanda ere.
  • Beraz, badugu modurik “bizitza osorako etxebizitzei” buruzko araudi batzuk sustatu, denentzako diseinu edo diseinu unibertsal batean oinarritutako etxebizitza batzuk izateko, mendetasun egoerarik izaten bada haiei erantzuteko aukera ematen dutenak, eta, hartara, eraikuntza etorkizuneko beharretara hobeto egokitzeko?